Offshore eolikoaren sektoreko Europako enpresa eta erakunde nagusiak elkartu dituen WindEuroperen topaketa Kopenhagen antolatu da azaroaren 26tik 28ra bitartean. Energia Klusterrak 14 euskal enpresa bildu dituen baterako standa antolatu du “Offshore Wind Basque Country” markapean.
14 euskal enpresa eta erakundek parte-hartze aktiboa izan dute offshore eolikoaren sektoreko nazioarteko hitzordurik garrantzitsuenean. “Offshore Wind Basque Country” markapeko baterako standean, lehen lerroko euskal konpainien gaitasun teknologiko eta industrialak jarri dituzte ikusgai: ALERION, BILBAO PORT, ERREKA, FUNDICIONES GARBI, HAIZEA WIND, HINE, INDUSTRIAS FERRI, IRIZAR FORGE, KIMUA, LAULAGUN, NAUTILUS, SAITEC OFFSHORE, SLINGSINTT eta VICINAY MARINE. Energia Klusterrak, standaren sustatzailea izan den aldetik, berezko lekua izan du Euskal Herriko Itsas Foroarekin batera, eta bertatik, offshore energia eolikoaren Euskadiko balio-katearen gaitasunak sustatzeaz gain, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak (HAZITEK Programa) eta Europako Eskualde Garapenerako Funtsak (FEDER) finatzatutako zenbait Hazitek proiektu (Modeol, Ioenergy eta Seapower) eta INTERREG ATLANTIC AREA europar programari atxikita garatzen ari den Durable europar proiektua eman ditu ezagutzera.
Erakusketa-eremuan, baterako standa bisitatu dutenek bertatik bertara ezagutu ahal izan dituzte euskal enpresek offshore energien erronkei aurre egiteko garatu dituzten azken berritasunak eta ezagutzaren arloko enpresen eta eragileen artean finkatu den lankidetza, sektorearen hazkundeari eusteko.
Ekitaldian antolatutako hitzaldien artean, berariaz nabarmen daiteke hilaren 28an, ostegunez, SAITEC OFFSHOREko David Carrascosak emandakoa, izan ere, 2020aren lehen hiruhilekoan, Sardineroko Abran (Santander), eskalako itsas-plataforma flotagarri baten instalalazioa ekarriko duen BlueSATH proiektuaren hasiera iragarri zuen. Hor bildutako ondorioak BIMEPen 2021az geroztik instalatuko den eskala errealeko (2MW) hurrengo modeloan erabiliko dira.
Wind Europe elkarteak antolatutako Offshore Wind Europe Copenhague 2019 azoka da Europako arlo honetako urteko hitzordurik garrantzitsuena. Kopenhageko edizio honetan, batez beste, 9.000 pertsona bertaratu eta 60 herrialdetako 430 enpresa baino gehiago bildu dira.
WindEuroperen hurrengo edizioa Hanburgon antolatuko da, eta lehendabiziko aldiz, antolatzaileek (Hamburg Messe und Congress eta WindEurope) erakusketa-eremura eramango dute biltzarra indartzeko asmoz, erakusketa-aretoen erdialdean erakusketariekiko harreman zuzenari eutsiko dion biltzar irekiaren kontzeptu berri bat inplementatuz. Energia Kluterrak “Wind Energy Basque Country” markari atxikitako baterako standa antolatuko du balio-kate eolikoaren hainbat segmentutan produktuak eta zerbitzuak ematen dituzten 20tik gora enpresa eta erakunde bilduz: aerosorgailuetarako osagai eta sistemen fabrikatzaileak, instalazio eta mantentze-lanetako zerbitzu-enpresak, soluzio digitalen garatzaileak, ingeniaritzak, zentro teknologikoak, etab.